Saltatu edukira

Kanpaina arrakastatsua Laponian

Kanpaina arrakastatsua Laponian

Finlandia, Norvegia eta Suedian zehar dagoen eremu zabalean samiak bizi dira. Sami herria kultura, ohitura eta hizkuntza propioak dituen bertako herria da. Jehobaren lekukoek duela gutxi bi ekimen egin dituzte Sami herriari Bibliaren mezua erakusteko.

Lehenengo, 2015eko udazkenean, Lekukoak biblia-argitalpenak eta bideoak samieraz egiten hasi ziren. a Gero, 2016an eta 2017an egindako bi kanpaina berezitan, Jehobaren lekukoak Laponiara, elur-orein taldeak ibiltzen diren eremu urrunera, egin zuten bidaia samierara itzulitako informazioa eskaintzera.

«Komunitatearen aldeko lan garrantzitsu eta baliotsua»

2017ko maiatzeko kanpaina berezian, Finlandia, Norvegia eta Suediako 200 Lekuko baino gehiago Laponiako milaka kilometrotan zehar sakabanatutako herritxo askotara joan ziren bolondres gisa. Lekuko batzuek esaldi batzuk ikasi zituzten aurrez samieraz. Hau egiteak samiak txunditu zituen. «Bertakoek beraien hizkuntza hitz egiteko egin genituen saiakera apalak eskertu zituzten eta bene-benetako interesa genuela ikusi zuten», dio Karigasniemi-n bolondres egon zen Denisek.

Samiek natura eta basa-bizitza estimatzen dituzte. Hori dela eta, lurrean izango den paradisuari buruzko Bibliako promesa gustatu zitzaien batez ere (Esaera Zaharrak 2:21). Adibidez, Sami herriko emakume bat Berri onak Jainkoaren eskutik! liburuxka erabiliz Biblia aztertzen hasi zen. Jainkoak gizadiaren alde egingo duena jakin zuenean, ozenki galdetu zuen bere erlijioko buruak zergatik ez ote zion lurreko paradisuari buruz inoiz ezer esan.

Askok azaldu zuten Lekukoek egindako bisitengatik esker ona. Saltzaile batek bi Lekuko zoriondu zituen. «Komunitatearen aldeko lan garrantzitsu eta baliotsua» egiten ari zirela esan zien eta behar zuten janari guztia eskuratzeko bere dendara joatera gonbidatu zituen. Gainera, guztia bere kontura izango zela azpimarratu zien.

Samiek 180 bat bideo ikusi eta 500 argitalpen baino gehiago hartu zituzten kanpainan zehar. Askotan euren hizkuntzan eskuragarri zeuden argitalpen guztiak eskatzen zituzten. Gainera, Sami herriko 14 lagun hasi ziren Jehobaren lekukoekin Biblia aztertzen.

«Profesionalen lana»

Jehobaren lekukoen argitalpenak irakurtzen dituzten hainbat samik itzulpenaren kalitate ona azpimarratu zuten. «Zuen argitalpenak oso ondo itzulita daude» esan zuen Nilla Tapiolak, eskola maisu eta samien parlamentuko batzorde-exekutiboaren kide denak. Argitalpenak «irakurtzeko errazak eta hizkuntzari dagokionez zuzenak» direla esan zuen. Finlandiako ipar muturrean bizi den Sami herriko gizon batek honakoa adierazi zuen: «Argi eta garbi ikusten da profesionalen lana dela».

Karigasniemi-n, Finlandia eta Norvegia artean dagoen herrian, Lekukoek Berri onak Jainkoaren eskutik! liburuxkaren lehenengo ikasgaia aztertu zuten samiar irakasle batekin. Itzulpenaren kalitateak harrituta, eskolan samiera irakasteko liburuxka erabili zezakeen galdetu zien Lekukoei.

Hainbat bideo eta esku-orri itzuli dira samierara, baita liburuxka bat ere. Gainera, 2016ko otsailaren 29an jw.org webgunea sortu zen samieraz. Hilero 400 aldiz baino gehiago ikusten dute webgunea samiar hiztunek eta 350 bat audio, bideo eta fitxategi digital jaisten dituzte.

Kanpainak aberastu egin dituela sentitu dute bai samiarrek, baita bisitan joan zitzaizkien bolondresek ere. Utsjoki-ra bidaiatu zuten Henrick eta Hilja-Mariaren arabera, «Bibliak Sami herriari modu erabilgarri askotan laguntzen diola» ikusi ahal izan zuten bertakoek. Lauri eta Inga ere Utsjoki-n egon ziren eta honakoa esan zuten: «Kanpaina honek Jainkoak ez duela bereizketarik egiten gogorarazten digu. Oso pozik gaude toki urrun hauetako biztanleei guk ere Jainkoaren maitasuna adierazteaz».

a Hainbat samiera hizkuntza dago. Encyclopædia Britannica-ren arabera, hizkuntzarik zabalduena, iparraldeko samiera, «Sami herriaren bi herenak hitz egiten du gutxi gorabehera». Jehobaren lekukoek iparraldeko samierara itzultzen dituzte argitalpenak. Errazteko, artikulu honetan «samiera» hitza erabiltzen da gehiengoaren hizkuntza aipatzeko.