Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

Osasun mentala: Mundu mailako krisia

Osasun mentala: Mundu mailako krisia

«Beti dut antsietate pixka bat, urduri egoteko arrazoirik ez dagoenean ere».

«Izugarri ondo sentitzen naizenean, kezkatu egiten naiz. Izan ere, badakit oso pozik nagoenean, gutxira oso triste sentituko naizela».

«Egunean egunekoaz arduratzen saiatzen naiz. Baina batzuetan, bat-batean, beste gauza askorengatik kezkatuta sentitzen hasten naiz».

Hauek osasun mentalarekin borrokan ari diren pertsonen hitzak dira. Sentitu al duzu zuk edo maite duzun norbaitek horrelakorik?

Ziur egon ez zaudetela bakarrik. Gaur egun pertsona askok osasun mentalarekin lotutako arazoei aurre egin behar diete, batzuetan arazo horiek beraiek dituztelako eta beste batzuetan maite duten norbaitek dituelako.

Zalantzarik gabe, estutasun eta atsekabe handiak sortzen ari diren «une latzak» bizitzen ari gara (2 Timoteori 3:1). Munduko Osasun Erakundeak (MOE) dioenez, ikerketa baten arabera, munduan zehar zortzi lagunetik batek osasun mentalarekin lotutako arazoekin borroka egin behar du. Gainera, MOEren arabera, 2020an COVID-19 pandemiaren ondorioz, antsietatea zutenen kopurua % 26 inguru handitu zen eta depresio larria zutenena % 28.

Gaur egun antsietatea eta depresioarengatik zenbat pertsonek sufritzen duten jakitea garrantzitsua da. Baina, are garrantzitsuagoa da zu eta maite dituzunak ahalik eta hobetoen nola sentitu zaitezketen jakitea.

Zer da osasun mentala?

Osasun mental ona duzunean, ondo sentitzen zara eta zure eguneroko jarduerak ondo bete ditzakezu. Ohiko estres mailari aurre egin ahal diozu, produktiboa zara eta bizitzarekin gustura zaude.

Nahasmendu mentalak:

  • EZ DIRA pertsonaren ahuleziaren ondorio.

  • Osasun arazoak DIRA. Hauek estutasun larria sortu eta pertsonaren pentsaeran, emozioetan eta jokabidean eragina dute.

  • Besteekin harreman ona izatea eta eguneroko gauza arruntei aurre egitea zaildu dezakete askotan.

  • Edozein adin, kultura, arraza, tribu, erlijio, hezkuntza maila eta egoera ekonomiko duen pertsonari eragin ahal diote.

Osasun mentalarekin lotutako arazoentzako laguntza

Antzeman al duzu zuk edo maite duzun norbaitek izaeran aldaketa nabaririk, jateko edo lo egiteko ohituran nahasmendurik, edo denboran luzatzen ari den estutasun edo atsekaberik? Hala bada, agian laguntza profesionala beharko duzue arazoaren jatorria identifikatu eta tratatzeko. Baina, nora jo dezakezue laguntza bila?

Inoiz izan den gizonik jakintsuenak, Jesu Kristok, honakoa esan zuen: «Ez dute osasundunek behar sendagilea, gaixoek baizik» (Mateo 9:12). Osasun arazoekin borrokan dabiltzanek tratamendu mediko eta sendagai egokiak jasotzen dituztenean, euren sintomak txikitu daitezke, eta bizitza produktiboagoa eta zoriontsuagoa izan dezakete. Sintomak larriak badira edo denboran luzatzen ari badira, ez litzateke zuhurra izango tratamendua atzeratzea. a

Biblia medikuntza-liburua ez den arren, bertan dioena gure osasun mentalarentzat lagungarria izan daiteke. Baina, nola lagundu gaitzake Bibliak osasun mentalarekin lotutako arazoei aurre egiten? Galdera honen erantzuna jakin nahi baduzu, hurrengo artikuluak aztertzera gonbidatzen zaitugu.

a Talaiak ez du tratamendu zehatzik gomendatzen. Norberak dituen aukerak arretaz aztertu beharko lituzke erabaki bat hartu aurretik.