Lukas 6:1-49

  • Jesus, «Larunbataren Jauna» (1-5)

  • Jesusek eskua elbarri zeukan gizona sendatu (6-11)

  • 12 apostoluak (12-16)

  • Jesusek irakatsi eta sendatu (17-19)

  • Zoriontasunak eta aieneak (20-26)

  • Etsaiak maitatu (27-36)

  • Ez segi epaitzen (37-42)

  • Zuhaitza fruituengatik ezaguna (43-45)

  • Ongi eraikitako etxea; oinarri sendorik gabeko etxea (46-49)

6  Larunbatez Jesus gari soroetatik pasatzen ari zen, eta dizipuluak galburuak hartu, eskuekin aletu eta jaten ari ziren.  Hori ikustean, fariseu batzuek esan zuten: «Zergatik desobeditzen duzue Larunbataren legea?».  Baina Jesusek erantzun zien: «Ez al duzue inoiz irakurri Dabidek zer egin zuen bera eta bere gizonak gose zirenean?  Jainkoaren etxean sartu eta ogi sakratuak eman zizkiotenean, ez al zituen jan eta bere gizonei eman? Legearen arabera, hori debekatuta dago; apaizek bakarrik jan ditzakete».  Orduan, esan zien: «Gizonaren Semea Larunbataren Jauna da».  Beste larunbat batean, sinagogan sartu eta irakasten hasi zen. Bertan, eskuineko eskua elbarri* zeukan gizon bat zegoen.  Lege maisuek eta fariseuek ez zioten Jesusi begirik kentzen*. Larunbatez sendatuko ote zuen ikusi nahi zuten eta, horrela, salatzeko arrazoi bat aurkitu.  Baina Jesusek, bazekienez nola pentsatzen zuten, eskua elbarri zuen gizonari esan zion: «Altxa eta jarri hemen erdian». Gizona altxatu eta zutik geratu zen han.  Orduan, Jesusek esan zien: «Galdera bat, zer dago baimenduta Larunbatean? On egitea ala kalte egitea? Bizi* bat salbatzea ala suntsitzea?». 10  Bere inguruan zeuden guztiei begiratu ondoren, esan zion gizonari: «Luzatu eskua». Luzatu zuen eta eskua sendatu zitzaion. 11  Baina lege maisu eta fariseuak beren onetik atera ziren, eta Jesusen aurka zer egin zezaketen hitz egiten hasi ziren beraien artean. 12  Egun haietako batean, Jesus mendira igo zen otoitz egitera, eta gau osoa pasa zuen Jainkoari otoitz egiten. 13  Eguna argitu zenean, bere dizipuluei dei egin zien eta hauetatik 12 aukeratu zituen, eta apostolu izena eman zien. 14  Hauek ziren: Simon (Pedro ere deitu zuena), honen anaia Andres, Santiago, Joan, Felipe, Bartolome, 15  Mateo, Tomas, Santiago Alfeoren semea, Simon (Gogotsua deitua), 16  Judas Santiagoren semea eta Judas Iskariote (traidore bihurtu zena). 17  Jesus beraiekin menditik jaitsi eta leku lau batean geratu zen. Bertan, bere dizipulu talde handi bat zegoen, baita jendetza handi bat ere Judea osotik, Jerusalemetik eta Tiro eta Sidongo kostaldetik etorria. Jesusi entzutera eta beraien gaixotasunetatik sendatuak izatera etorri ziren. 18  Espiritu gaiztoen* erasoa sufritzen zutenak ere sendatuak izan ziren. 19  Jende guztia Jesus ukitzen saiatzen zen, zeren berarengandik boterea ateratzen zen, eta denak sendatzen zituen. 20  Orduan, begiak altxatuz, bere dizipuluei begiratu eta esan zuen: «Zoriontsuak zuek, pobreak, Jainkoaren Erreinua zuena da eta. 21  «Zoriontsuak zuek, orain gose zaretenak, asetuak izango zarete eta. «Zoriontsuak zuek, orain negarrez ari zaretenak, barre egingo duzue eta. 22  «Zoriontsuak zuek, Gizonaren Semeagatik jendeak gorrotatzen, baztertzen, iraintzen eta zuen izena zikintzen* duenean. 23  Alaitu hori gertatzean eta pozez salto egin, zeruan duzuen saria handia da eta. Horixe da beraien arbasoek profetekin egin zutena. 24  «Baina ai, zuek, aberatsak, zuen kontsolamendua dagoeneko oso-osorik jaso duzue eta. 25  «Ai, zuek, orain asetuak zaudetenak, gose izango zarete eta. «Ai, zuek, orain barrez zaudetenak, lur jota eta negarrez egongo zarete eta. 26  «Ai, denek zuetaz ongi hitz egiten dutenean, zeren gauza bera egin zuten haien arbasoek profeta faltsuekin. 27  «Baina zuei, entzuten ari zaretenoi, nik esaten dizuet: Segi etsaiak maitatzen, gorrotatzen zaituztetenei gauza onak egiten, 28  madarikatzen zaituztetenak bedeinkatzen eta iraintzen zaituztetenen alde otoitz egiten. 29  Masail batean zaplaztekoa ematen dizunari, eskainiozu bestea ere. Eta mantua kentzen dizunari, utziozu tunika ere. 30  Zerbait eskatzen dizuten guztiei emaiezu, eta zure gauzak kentzen dizkizunari, ez eskatu bueltan. 31  «Gainera, besteek zuek tratatzea nahi duzuen bezalaxe, tratatu zuek ere besteak. 32  «Maite zaituzteten pertsonak maitatzen badituzue, zer meritu duzue? Zeren bekatariek ere maite dituzte beraiek maite dituztenak. 33  Eta on egiten dizuetenei on egiten badiezue, zer meritu duzue? Bekatariek ere gauza bera egiten dute. 34  Gainera, itzuliko dizuetenei bakarrik uzten* badiezue dirua, zer meritu duzue? Bekatariek ere uzten diete beste bekatariei, guztia bueltan jasoko dutela pentsatzen dutelako. 35  Zuek, ordea, segi etsaiak maitatzen, on egiten eta bueltan ezer espero gabe uzten. Horrela, zuen saria handia izango da eta Goi-goikoaren seme-alabak izango zarete, bera esker txarreko eta gaiztoekin ona baita. 36  Segi errukitsuak izaten, zuen Aita errukitsua den bezalaxe. 37  «Are gehiago, ez segi epaitzen*, horrela ez zarete inoiz epaituak izango. Ez segi kondenatzen, horrela ez zarete inoiz kondenatuak izango. Segi barkatzen eta barkatuko* zaizue. 38  Izan emateko ohitura, eta emango zaizue. Zuen arroparen tolesturan neurri eskuzabala, zapaldua, astindua eta gainezka egiten duena botako zaizue. Zeren besteekin erabiltzen duzuen neurria erabiliko dute zuekin». 39  Orduan, konparaketa hau jarri zien: «Itsu batek ezin du beste itsu bat gidatu, ezta? Ez al dira biak zulora eroriko? 40  Ikaslea* ez dago bere maisuaren gainetik, baina ondo-ondo* irakatsia dagoen ikaslea bere maisua bezalakoa izango da. 41  Orduan, zergatik begiratzen diozu zure anaiak begian duen lastoari, baina ez duzu nabaritzen begian duzun enborra? 42  Nolatan esaten diozu zure anaiari “anaia, utzidazu zure begian duzun lastoa kentzen”, zuk zeuk ez baduzu zure begian duzun enborra ikusten? Hipokrita halakoa! Lehenengo kendu enborra zure begitik, eta gero argi ikusiko duzu nola kendu zure anaiaren begian dagoen lastoa. 43  «Zuhaitz onek ez dute fruitu ustelik ematen, eta zuhaitz ustelek ez dute fruitu onik ematen. 44  Izan ere, zuhaitz bakoitza bere fruituagatik ezagutzen da. Adibidez, pikuak ez dira elorritik* biltzen, ezta mahatsak sasitik hartzen ere. 45  Pertsona onak gauza onak ateratzen ditu bere bihotzeko altxor onetik, baina pertsona gaiztoak gauza txarrak ateratzen ditu bere altxor gaiztotik. Izan ere, bihotzean gainezka dagoenaz hitz egiten du ahoak. 46  «Orduan, zergatik deitzen didazue “Jauna! Jauna!”, baina ez dituzue nik esaten ditudan gauzak egiten? 47  Oraintxe esango dizuet noren antzekoa den niregana etorri, nire hitzak entzun eta betetzen dituena: 48  Etxe bat eraikitzeko, zulo sakon bat egin ondoren, oinarriak harkaitz gainean jarri zituen gizona bezalakoa da. Ondorioz, uholdea etortzean, ibaiak etxearen aurka gogor jo zuen, baina ez zuen astindu, ongi eraikita zegoen eta. 49  Bestalde, nire hitzak entzun baina ezer egiten ez duena, etxea oinarririk gabe lurrean eraiki zuen gizona bezalakoa da. Ibaiak etxearen aurka gogor jo zuen, eta etxea segituan behera erori eta txiki-txiki eginda geratu zen».

Oharra

Lit. «lehortuta».
Edo «adi-adi begiratzen zioten Jesusi».
Edo «Arima».
Lit. «zikinen; kutsatuen».
Lit. «zuen izena gaiztotzat hartzeagatik baztertzen».
Hau da, interesik gabe uzten.
Edo «utzi epaitzeari».
Edo «Segi askatzen eta askatuko».
Edo «Dizipulua».
Edo «modu perfektuan».
Edo «arantzatik».