Saltatu edukira

Saltatu edukien aurkibidera

5. ATALA

Itzuli «zeuen artzain eta zaintzaileagana»

Itzuli «zeuen artzain eta zaintzaileagana»

Liburuxka honetan azaldu den erronkaren bat izan al duzu? Hala bada, ez zara bakarra. Jainkoaren zerbitzari leial askok, bai biblia-garaian, baita gaur egun ere, antzeko erronkei aurre egin diete. Beraiei bezalaxe, zu zeuri ere Jehobak lagunduko zaitu erronka horiek gainditzen.

Jehoba zain izango duzu, laguntzeko prest, berarengana itzultzen zarenean

ZIUR egon Jehoba zain izango duzula, laguntzeko prest, berarengana itzultzen zarenean. Zeure kezkei edota mindutako sentimenduei aurre egiten eta kontzientzia garbiak dakarren barruko lasaitasuna lortzen lagunduko dizu. Orduan, ziur aski, Jehoba beste anai-arrebekin batera berriz ere zerbitzatu nahiko duzu. Zure egoera lehen mendeko kristau batzuenaren antzekoa izango da. Horiei, Pedro apostoluak hau idatzi zien: «Galdurik zenbiltzaten, ardiak bezala; baina orain zeuen artzain eta zaintzaileagana itzuli zarete» (1 Pedro 2:25).

Zalantzarik gabe, Jehobarengana itzultzea da egin dezakezun hoberena. Zergatik? Jehobaren bihotza poztuko duzulako (Esaera Zaharrak 27:11). Jehobak, dakizun bezala, sentimenduak ditu eta, hortaz, egiten dugunak berarengan eragina du. Halere, Jehobak ez gaitu bera maitatzera eta zerbitzatzera behartzen (Deuteronomioa 30:19, 20). Biblia-aditu batek honela azaldu zuen: «Gizakion bihotzaren atea ez dago kanpotik irekitzerik. Barrutik ireki behar da». Jehoba bihotz-bihotzez adoratzen badugu, ate hori irekitzea erabaki dezakegu. Hala eginez gero, Jehoba erabat pozteaz gain, opari baliotsua egiten diogu: beti bihotz osoko zerbitzua ematea. Benetan, ezin da ezerekin parekatu Jehobak merezi duen moduan adoratzeak dakarren zoriontasuna (Eginak 20:35; Apokalipsia 4:11).

Honetaz gain, Jehoba berriz ere adoratzen hasten zarenean, zure behar espirituala aseko duzu (Mateo 4:4). Nola? Askok honakoa galdetzen dute: «Zergatik gaude hemen?». Bizitzaren helburuari buruzko galderen erantzunen premia dute. Gizakiok behar hori badugu, Jehobak hala egin gaituelako da. Bera zerbitzatzean poz handia sentitzeko diseinatu gintuen. Jehoba bihotzez adoratzen dugula jakiteak poztasun handia dakar. Ez dugu sentituko hau baino zoriontasun handiagorik (63. Salmoa 2-6 [63:1-5, NW ]).Jehobak zu berarengana itzultzea nahi du. Nola egon zaitezke ziur? Pentsa ezazu honetan: liburuxka hau kontu handiz prestatu zen, otoitz ugari egin ondoren. Zure eskutara iritsi zen, agian, arduradun edota fedekide bati esker. Orduan, liburuxka irakurtzea eta honen mezuari erantzutea aukeratu zenuen. Guzti honek Jehoba zutaz ez dela ahaztu frogatzen du. Alderantziz, zu berarengana goxotasunez erakartzen ari zaituela erakusten du (Joan 6:44).

Jehoba bere ardi galduez inola ere ez dela ahazten jakiteak, kontsolatu egiten gaitu. Hori da Donna izeneko arrebak bizi izan zuena. Honakoa dio berak: «Poliki-poliki aldendu nintzen kongregaziotik. Halere, sarritan etortzen zitzaizkidan burura 139. Salmoa 23 eta 24ko hitzak: “Oi Jainko, iker nazazu eta ezagutu nire bihotza, proba nazazu eta ezagutu nire ardurak. Ikusi galbidetik ote nabilen, gidatu ni zeure betiko bidetik”. Banekien ez nintzela munduaren parte, inoiz ez bainintzen bertan eroso sentitu. Nire tokia Jehobaren erakundean zegoela ohartzen nintzen. Jehobak ni inoiz ez ninduela baztertu ulertzen hasi nintzen; berarengana itzultzeko bidea aurkitu besterik ez nuen. Pozez gainezka nago aurkitu nuelako!».

«Jehobak ni inoiz ez ninduela baztertu ulertzen hasi nintzen; berarengana itzultzeko bidea aurkitu besterik ez nuen»

Bihotzez otoitz egiten dugu zuk berriz ere Jehobarengandik datorren poza senti dezazun (Nehemias 8:10). Jehobarengana itzuli izanaz ez zara inoiz ere damutuko.